Testu osoan

Hirigunea

Alde Zaharra

Portua, Lamera eta Gaztelu

Morondo

Artalde

Dolareaga eta Esparru

Adoberia eta Ondarre

Portale

Almikabidea eta Erregiņazubi

Erribera

Zarragoiti

Kurtzio eta Santa Mariņa

Txibitxiaga

Tala

Sanjuanbidea

Ibarreta eta San Martin

Bilbobidea

Dibio

Aranondo

Artikabidea

Portuburu

Zehaztu gabeak

Arane

Agirre

San Migel

San Andres

Almika

Artika

Demiku

Arranotegi

Maņu

San Pelaio Gibelortzagakoa

Kostaldea

Izaro

Gainak

Sare hidrografikoa

Bakio aldea

auzoka / San Pelaio Gibelortzagakoa / San Pelaio Gibelortzagakoa (auzoa)  

San Pelaio Gibelortzagakoa   (auzoa)

Kokapena: I., II., III. eta IV. mapak

Ohar ling.: Auzoaren izen zaharrean, Gibelortzaga leku-izenean, ozen ostean afrikaria hobetsi da fitxa buruan jartzeko. Izen hori hagionimo batek ordezkatu du, idatziz San Pelaio jaso dena. Bada, hala ere, gaur eguneko ahozko erabileran, desitxuratuta baino ez bada ere, hagionimo horren baliokide zaharra: Eneperi.

Santu izenak done aurrizkia erantsita sortzen ziren: Donemiliaga (San Millan), Donepetiri (San Pedro), Donestebe (San Esteban), Doneiakue (San Jakobo)... Horrela, San Pelaio santu izenaren baliokidea Doneperai da [1390] (amaierako -o galduta, eta bokal arteko albokaria dardarkari bakun bihurtuta: -l- > -r-). Hortik, diptongoko bokalek -ai- > -i- egin dute:

Doneperai > Doneperi

Done aurrizkiak esanahia eta funtzioa galdu duenean, hiztunek desitxuratu egin dute, eta Doneperi zena Eneperi bihurtu da.

Donepelaio > Donepelai > Doneperai > Doneperi > Eneperi

Esan behar da, gaur egun izen honek ez duela auzoa izendatzen, baina lehenago seguruenik bai, idatziz islatu ez arren.

Oharrak: San Pelaio auzoa, Mañuko landatik Matxitxako muturrerainoko ur-mugaren mendebaldeko isurialdera gelditzen diren lurrek eratzen dute; hau da, Burgo eta Garbola mendietatik Gaztelugatxe eta Bakioko hondartzarainoko eremuek.

Auzoan lau erreka nagusi ageri dira:

Bat, Larrasiñetik Atxulora jaisten dena (Oiaga edo Atxuloko erreka).

Beste bat, Burgo mendiaren mendebaldetik Bakioko hondartzaraino jaisten dena; erreka honek bi adar nagusi ditu: bat,  Arballo aldetik Urgitxira datozen urek osatzen dutena (Kukutzeko erreka eta Kandelaiturri) eta bestea, Arantzaditik eta Gorosoko iturritik Urgitxira jaisten diren errekek osatua (Errekabaltze, Urotze, Gisastiko erreka, Armokiko erreka eta Urgitxiko edo Irutako erreka). Urgitxitik Areagaraino Ureta izena hartzen du erreka honek.

Hirugarren erreka, Luzarragako erreka, Goientzabaleburutik Areagaraino jaisten da, hemen Uretakoarekin elkartuz, Bakioko hondartzan itsasoratzeko.

Azkenik, laugarrenarekin, Artezillatik Estepona edo Bakioko erreka nagusira jotzen duen Osinagako errekarekin amaitzen da San Pelaio auzoko erreken zerrenda.

Balio historiko edo paisajistikoaren arabera, besteak beste, San Pelaioko eremuan dauden ondoko tokiak nabarmen daitezke: San Juan Gaztelugatxekoa eta San Pelaio ermitak; Matxitxakotik Atatalleraino zabaltzen den Ermu izeneko paraje bakartia; Axnabarreko bizkarra; Sanjuanoiñetzeko galtzada (Bermeotik Gaztelugatxerako bide tradizionala); XIX. mendera arte herri basoak ziren Ureta, Kukutze eta Armoki; Atatalleko amildegiak, Akatxe aurrean; Pozuillune, Arballo mendiaren iparraldean; Akatxe eta Gaztelugatxe uharteak; Orbezarreta, Gaztelugatxerako ohiko abiapuntua eta San Juan eguneko jai toki tradizionala; Atxuloko kostaldea eta Bakio edo Areagako hondartza.

J. A. Iradiren arabera, 1372an bildu ziren San Pelaio eta Zubiaur Bermeoko hiribildura [1391]. Baina, hiribilduaren 1366ko zabalkuntzan ezarritako mugetan, honen eskumenekotzat ulertzen dira eremu hauek:

«De encima de la Sierra que llaman de Solue do esta amojonado, é dende fasta Iturrieta como ba el arroyo de parte de Hemerando fasta la puente de Gabancho como ba el rio por la Rueda Vieja, é dende como ba é taja el rio fasta la mar, et de como ba a la mar de la entrada de dicho rio de Bakio fasta en Bermejo; é del dicho Lugar de Solue de la otra parte fasta en Esquiaga por do parte el termino de Mundaca fasta la mar; (...)» [1392]

Auzo honek, XIX. mendera arte, elizatearen maila juridikoa izan zuen; baina, XIII. mendetik aurrera, Bermeoko hiriaren eskumeneko lurraldea izanik, bere egoera juridiko-politikoa oso berezia izan da. San Pelaioko elizatea, Iturrizak aldea, eta G. Monrealek, ordezkaritza gabeko elizate deitzen duten horietakoa izan zen. Bizkaiko Lur Zabaleko unitate hauek beste elizateen ezaugarri guztiak zituzten, baina ez zeukaten beraien kabuz Batzar Nagusietan parte hartzerik, atxikita zeuden hiribilduaren bitartez baizik. Era honetako elizateak ziren, Bedia, Arakaldo, Zaratamo, Basauri... Horrela, Almika eta San Pelaio elizateak, Bermeoko hiriak ordezkatzen zituen Batzar Nagusietan [1393].

Dirudienez, jatorrian, elizateen eraketak nolabaiteko lotura izan zuen parrokia komunitateekin [1394], eta zentzu honetan, esan behar, Larrauri eta Meñakako biztanleak ere parrokia honetakoak izan zirela harik eta beren elizak eraiki zituzten arte [1395].

Antzinako Erregimenaren garaian, elizate izanak edo baserrietako infantzoiak estatus juridiko bereizia izateak, behin baino gehiagotan jarri zituen elkarren aurka Bermeoko hiribilduak eremu hauetan izan zezakeen eskumena eta baserritar haien eskubideak. Honela, 1.500. urtean, San Pelaioko Azeretxo baserriko jabeak, bere lurretan, errota bat eraikitzean, zalantzan jartzen da Bermeoko alkatearen aginpidea inguru hartan. Korrejidorearen aurreko auzian, zera planteatzen zaie lekukoei:

«Primeramente sean preguntados por el conocimiento de las partes y tienen conocimiento de la cassa e caseria de Açerecho que esta sita en el balle de Baquio tierra llana de este Señorio de Vizcaya = y del molino que el dho Juan de Açerecho començo a hedificar en su propia heredad y de los montyes e terminos de Ureta = y de los hielsus e mojones que estan en Harmuquigana e Cucucha y Arballo que estan por donde se dibiden y se parten los montes de entre los vezinos de Guibelorçaga y la dha villa de Bermeo = (...) La justicia y regimiento de la dha villa de Bermeo no ha tenido ni tiene en ningun tiempo del mundo jurisdiccion (...) mas en fee en todas las ocasiones que se ayan (...) y se ejerçen en la dha cassa y caseria de Acerecho en lo çebil e criminal an conosido y conocen los corregi[dores] y tenientes generales de este Señorio y los fieles [de la] anteiglesia de Santa Maria de Basigo=

Yten si saben que los dhos mojones e hielsus que estan en los dhos montes y terminos de Harmoquigana e Cucucha y Arballo: en la proxima pregunta mencionados y contenidos dibiden e parten los montes de entre la dha villa de Bermeo y los dhos vezinos de Guibelorçaga = es a saber la dha villa hazia la parte de arriba y banda de la dha villa = y los dhos bezinos de Guibelorçaga dende los dhos mojones hasta abaxo fasta llegar a los montes e terminos e mojones pertenecientes de la dha casa y caseria de Açerecho y como tales montes y terminos suyos propios los dhos vezinos an gozado e gozan dende el dho tiempo inmemorial a esta parte sin que aya tenido ni tenga parte ni derecho alguno la dha villa de Bermeo» [1396]

Testuak auzoaren antzinako izena ematen du: Gibelortzaga [1397], eta  bere mugak izan zitezkeenak aipatzen ditu: Arballo, Kukutze eta Armoki.

Gibelortzagako San Pelaio auzoak edo elizateak [1398] era guztietako osagaiak zituen bere eremuan: baserriak, herri-lurrak, meatzeak, bentak, ermitak, errota eta burdinolak.

XIX. mendeko pribatizazioen garaira arte, ugariak izan ziren auzo honetan zeuden herri lurrak, aprobetxamendu komunekoak guztiak. Hona hemen, besteak beste, dokumentazioak aipatzen dituenak: Aranbaltz, Arantzadi, Ureta, Sagarraga, Arballo, Armoki, Artezilla, Elortza, Ermu, Garbola, Gisasti, Goientzabale, Goroso, Gorostiaga, Kukutze, Larragan, Larrazabal, Ordoña, Perebilsen, Irabiaga, Urkidi, Txarale, Txikoarriaga, Zurtzuri.

Meatzak ere baziren auzoan: Berta (zink eta beste metalki batzuk), San Juan (burdina), Amalia, Atxulo eta Oiaga.

Bentak: Erdikobenta, Benta, Etxetxu, Orbezarretako Tabernatxu, Areagako benta, Benta motza.

Ermitak: San Juan Gaztelugatxekoa, San Pelaio, San Esteban Azeretxokoa, San Kristobal Mintukoa, Santa Katalina Ibarrekoa eta San Frantzisko Elexpurukoa.

Errotak: Azeretxoerrota, Ibarra Torrekoa, Mintukoa, Arbe, Eitzaga, Urgitxi, Legarra, Olabarri, Ondarra, Ureta eta Bengolea. Azken laurak burdinola izandakoak. Hauetako batzuk aspaldi desagertutakoak dira.

San Pelaio auzoko baserri historikoak ondokoak dira [1399]: Azeretxo, Azeretxogoitia, Azeretxoerrota, Basterretxe, Benguri, Etxebarri, Jolapitzene, Kortene, Ostiene, Perditzene, Orbezarreta, Luzarraga, Olabarri, Telleria, Ureta, Artetxe, Beitia, Besandona, Gorrondona, Ibarrako dorrea, Mintua, Orube, Uribarrigoiko, Uribarribeko eta Ardantza. Ondokoak XVIII. mendekotzat eman daitezke: Altzaga, Mintuatze, Amuetxebarri, Arbe, Atxulo, Larragan, Olazarre, Urgitxi, Etxebarrialde, Larraskoaga, Areaga, Osinaga eta Ondarra. XIX. mendekoak: Bastegi, Elexpuru, Etxezuri, Landaetxe, Gazadi, Mendialde, Orbieta, Alardone, Larraskoagabarri, Abaroa, Bidezabal, Luisena, Portuondo, Pozuaga, Uribarritxikerra, Ermubeko, Ermugoiko, Txarale, Zurtzuri, Sagarraga, Gisasti, Erdikoetxe, Goientzabale, Urkidi eta Arantzadi. XX. mendekoak: Sanjuanalde eta Urizarreta aurrekoa.

1856an San Pelaio auzoak, 66 eraikuntza eta 374 biztanle zituen [1400].

1803an, San Pelaio eta Zubiaur auzoak, Bermeotik aldendu eta Bakiora biltzeko saioetan hasi ziren. 1820an, gobernu iraultzaileak onartu egin zien eskaria, baina 1823an, berriro itzuli zitzaizkion auzoak Bermeori. Hala ere, bi auzo haien aldentzeko ahaleginek jarraitu egin zuten: 1834, 1845, 1856, 1882 eta 1894an. Azken saioa, 1925ekoa izan zen eta lortu ere egin zuten Bermeotik aldentzea. 1927ko urrian atera zen ebazpena.

Bermeok errekurtsoa jarri zuen arren ez zuen ezer lortu, eta azken epaia, 1932ko uztailean eman zen.

Desanexio agindua eman ondoren, beste kontu bat zen Bakio eta Bermeoren arteko muga berriak nondik izan behar zuen zehaztea. Alde bakoitzak bere proposamena egin zuen:

Bermeoren proposamenak, Bakioko erreka nagusiaren ekialdeko lurralde labur bat, ez gehiago, ematen zion Bakiori, San Pelaio eta Zubiaur auzoetako baserri gehienak Bermeoko eremuan geldituz. Bakioko hondartzako zatirik handiena ere Bermeoren eskumenean gelditzen zen proposamen honetan.

Bere aldetik, Bakiok ondoko muga proposatu zuen: Ermu baserrien azpian, kostaldean dagoen Landapepuntatik, Burgora; hemendik Txaoletagoiko baserriaren parera eta jarraian Garbolara eta Mañuko landara; hemendik Zabalene ingurura eta, azkenik, mugak hegoalderantz eginez, Zarraga errekara. Beste era batera esanda, Ermu eta San Pelaioko baserri guztiak Bakioko eremuan biltzen zituen proposamena izan zen.

Bataren eta bestearen proposamenak alde batera utziz, gaur indarrean dagoen muga ezarri zen [1401].

San Pelaio auzoa, bere zatirik handiena Bakiora aldendu zenetik, Bermeo eta Bakioko udalen artean banatuta dago. Bermeori egokitu zitzaion San Pelaioko zatia, ekialdeko mendiguneko baserriek osatutakoa izan zen. Gune bi ditu Bermeoko San Pelaio auzoak: Uretako goialdea eta Txaraleko errekaren arroa. Bermeoren eskumenari dagozkion baserriak, guztiak dira XIX. mendean eraikitakoak: Ermugoiko, Ermubeko, Sagarraga (jausita), Arantzadi (jausita), Urkidi, Goientzabale, Erdikoetxe, Gisasti, Zurtzuri eta Txarale.

Ahozkoa:
«San Peláidxo»146, 164, 166

Idatzizkoa:
1500Guibelorcaga, vezinos deBFA. K.   2042/7   103
1500San Pelayo de Guibelorçaga, fieles deBFA. K.   2042/7   103
1500Guibelorçaga, en la parte deBFA. K.   2042/7   120
1629 Guibelorzaga, balle deBUA   928. Mojonera. 1749   93
1653San Pelayo, anteiglesia deBUA   972/1. Escrituras censales   17-18
1662Sanpelayo, vecinos deVEKA   R.R. Ejec. L1445/70   4
1681San Pelayo, anteiglesia deBUA   AL. 1680-1710   24
1702San Pelayo, vezinos deBUA   1560. Libro de cuentas   61
1706 GuibelorzagaBFA. K.   3381/2   34b
1711S. Pelayo y Zubiaur, partido deBUA   AL. 1711-1727   9b
1725San Pelayo, barrio deBUA   AL. 1711-1727   243b-245
1728GuibelorzagaBFA. K.   3174/6   186b
1729Guivelorzaga, barrio deBFA. K.   3174/6   186b
1740Sanpelayo, anteiglesia deBFA. K.   377/8   73
1743San Pelayo, anteiglesia deBUA   1560. Libro de cuentas   335b
1754San PelayoBIBL   Orden.1754. Bermeo1   108-109
1767San Pelayo, anteiglesia deBUA   AL. 1767-1791   2b
1802S. Pelayo, aldeaBIBL   DccAH/t.1
1803San Pelayo, anteiglesia deBUA   AL. 1786-1806   168
1818-1850San Pelayo, barrio deBUA   37/6. Ganaderia   8b
1818-1850Sn Pelaio, casas deBUA   37/6. Ganaderia   9b
1824San PelayoBFA. K.   3441/15   1
1827San Pelayo, barrio deBEHA   A-79/10   3
1828San Pelayo, término deBEHA   A-64/12-06   46b
1828San Pelayo, parroquias unidas deBUA   948/1. Reden. censos e hipot.   40b
1844San Pelayo, barrio deBIBL   YrJA   46
1846San Pelaio, barrio deBEHA   A-758/2-53-0
1856San Pelayo, barrio deBUA   37/ Nº de calles, edif..,
1857San PelayoBUA   Padron 1851(3)   102b
1898San Pelayo, barrioBAHP.N.BL   8194   15b
1969San Pelayo, núcleo ruralBUA   1432/54   4
1987San Pelayo, anteiglesia deBIBL   ArrG   79

__________

[1390]   Eleizaldek dioenez, «Doneperi (vulg. Neperi) ermita de San Pelayo(Bermeo, Vizcaya)» (Eleizalde, «Listas alfabéticas de voces toponiomásticas vascas», RIEV, 1923, 560). Mitxelenak ere aipatzen du: «Parai, *Perai Pelayo: top. Donaparai ( sin duda de *Perai) Aberásturi (Alava), (Do)neperi ermita de San Pelayo en Bermeo (Vizc.). (Mitxelena, «Nombres vascos de persona», Sobre Historia de la Lengua Vasca II. Anejos ASJU 10. 1988, 590)

[1391]   Yradi, Juan Angel de (1844); 46.

[1392]   Iturriza Zabala, Juan Ramon (1793), II; 209.

[1393]   Iturriza Zabala, Juan Ramon (1793), I; 380. Monreal Cia, Gregorio (1974); 210.

[1394]   Monreal Cia, Gregorio (1974); 170.

[1395]   Labayru, Estanislao Jaime de (1895-1903), VII; 218.

[1396]   BFA. K. 2042/7.

[1397]   Perditzene baserria ere, Gibelortzaga izenaz agertzen da XVIII. mendeko zenbait agiritian: BFA. K.3381/2;38b. BEHA.A-061/10-03;71. BUA.948/1. Reden. censos e hip.;11b.

[1398]   horrela esaten baita: «los fieles de San Pelayo de Guibelorçaga» (BFA. K. 2042/7; 103).

[1399]   Auzoaren amaieran Bermeotik aldendutako eremuan dauden baserrien idatzizkoen berri ematen da. Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, San Pelaioko inguru geografikoan aurkitzen diren zenbait baserri (Azeretxogoitia, Azeretxo, Azeretxo errota eta Altzaga) Zubiaur auzokotzat hartu izan dira urteetan; eta alderantziz, Zubiaurreko inguruan agertzen diren beste bat (Zaitua) San Pelaio auzokotzat.

[1400]   BUA. 37/ Nº de calles, edif.., hab.).

[1401]   Informazio gehiagorako, Ik. Historia atala.

 

Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren
Kultura Sailaren laguntza jaso du